October, 2009 webguneko hileroko artxiboa

Euskomediak webgunea berritu du

Urtebeteko lanaren ondoren, Euskomedia Fundazioaren webgune berria martxan da. Diseinu garbiagoa eta batez ere bilaketa sistema berria dira horren ezaugarri garrantzitsuenak.

Orain arteko webgunearen gabeziarik handiena bilaketa sistema zen, oso mantsoa baitzen, eta gainera erabiltzaileari nahiko arrotza gertatzen zitzaion. Bilaketa berria Google-ek garatutako Google Search Appliance sisteman oinarrituta dago eta erantzun azkarrago eta zehatzagoak ematen ditu, aldi berean erabiltzailearentzako erraza suertatzen delarik.

Jadanik ez da beharrezkoa izango bilatzen ari garen informazioa zein dokumentu fondotan topatu dezakegun aurretik jakitea. Bilaketa fondo guztietan batera burutuko da eta emaitzak garrantziaren arabera antolatuta jasoko ditugu, orain arteko orden alfabetikoa alde batetara utzita. Gainera, gure bilaketarekin elkarlotuta dauden dokumentuetara iristeko ere lotura gehiago jasoko dugu, gai jakin baten gaineko informazioa jorratzeko aukera erraztuz.

Hurrengo asteetan hobekuntza eta berrikuntza lanekin jarraituko dugu. Eskertuko genuke webgunearen inguruko iradokizun izanez gero web.berria@euskomedia.org helbidera helaraztea.