November, 2004 webguneko hileroko artxiboa

Web semantikoa

Azken urteetan web sarea aro berri batera eramango duela dirudien proiektu batean dabil buru belarri Interneteko estandarrez arduratzen den (bereak dira, besteen artean, HTML eta XML markatze lengoaien deskribapenak) World Wide Web Corsortium edo W3C elkartea: web semantikoa delakoa.

Bultzatzailea Tim Berners-Lee dugu, 1990eko hamarkadaren hasieran web sarea sortu zuen bera. 1998an kontzeptu honen inguruko Semantic web roadmap idatzia argitaratu zuen. Hiru urte beranduago, 2001eko maiatzeko Scientific American aldizkarian, James Hendler eta Ora Lassilarekin batera, The Semantic Web artikulua idatzi zuen.

Web semantikoa datuen autodeskribapenean oinarritzen da, horretarako metadatuak (datuen gaineko datuak, adibidez aurreko batean hizpide izan genuen DublinCore estandarra jarraituz), baliabideen deskribapena (RDF edo Resource Description Framework delakoaren barruan) eta euren klasifikazioa gauzatuz (ontologien garatzeko OWL edo Web Ontology Language erabiliz).

W3Cren web semantikoaren webgunean informazio pila aurkituko dugu kontzeptu honen inguruan: artikuluak, estandarrak (RDF eta OWL), hurrengo lansaioen agenda…

Google Scholar

Bilatzaileen (bereziki Google) mundua pilpilean dago. Lehengo astean datu basearen tamainaren bikoizketaz aritu baginan, orain zerbitzu berri batekin datorkigu: Google Scholar.

Euren orrialdean bertan diotenez:

Google Scholar enables you to search specifically for scholarly literature, including peer-reviewed papers, theses, books, preprints, abstracts and technical reports from all broad areas of research.

Honela, Google lan zientifikoak bilatzeko eta euren arteko loturak (lan bakoitzak egindako aipamenak kontutan dauzka) ikusteko erabili ahal izango dugu.

Dexente hitzegiten ari da honen inguruan: Big News: “Google Scholar” is Born (oso interesgarria, Isidro F. Aguillok azaroaren 19an Iwetelera bidalitako En dos palabras: Google mezuaren bidez topatua), Dirson logean, Barrapunton, baita Googleen blogean ere.

Iruditzen zait Scholar eta Google Print (paperean argitaratutako lanetan bilaketak egiteko beste zerbitzu bat, beta moduan funtzionatzen duena baina orain aste batzuk aurkeztutakoa) konbinaketak, benetako iraultza bat ekarriko duela argitalpen zientifikoaren mundura.